ZUZENDARIAREN IKUSPEGIA

"Lasa eta Zabala" ikus-entzunezko egitasmoak azken hamarkadetako gertaera eztabaidagarri eta mediatikoenetako batera hurbiltzen gaitu, non gure gizartean eta estatu osoan euskal gatazka deritzonak zoritxarreko protagonismoa izan duen. Honelako gertaerek, ingeles edo irlandar bezalako zinemagintzetan, fikziora eramanak izateko moduko gaiak eman dituzte eta horri esker herriaren historia eta errealitatearen parte bihurtu dira. Gurean ere, orain, biolentziaren amaierarekin eskenatoki sozial eta politiko berria ireki zaigu eta istorio horretara hurbiltzeko aukera daukagu, inplikatu eta haien senitarteenganako errespetutik, gertaturikoa pertsonaia ardatzen bidez kontatuz eta gizabanakoen ikuspegian arreta berezia ipiniz. Era horretan ikusleak enpatiaz jarraituko ditu bi gazteak, ideia abertzaletatik ETA kide bihurtu ondoren bahituak, torturatuak eta odol hotzean hilak izan zirenak, eta jakin ere jakingo du bakarrik kasualitateari esker, eta mediterraneo kostaldeko polizia buru baten iraunkortasunaz, agerira irten zela istorioaren gehiena eta itxi ere egin zela zenbait guardia zibil eta kargu politikoren zigorrekin.

Fikziozko eta zinemazko alderdiei eutsirik, istorioa thriller gisa kontatu nahi dugula esan behar, istorioak osagarri ugari eskaintzen baitigu, polizi eta ikerketa generoari dagozkionak: bi gazte Iparraldean desagertu eta, Donostiara ekarriak izan ondoren, han torturak jasango dituzte harik eta Alacantera eraman eta bertan kare biziz lurperatuak izan arte. Zenbait urte beranduago, ehiztari batek haien gorpuak aurkituko ditu eta, kargu hartzen duen poliziak hain indarrean den narkotrafikoarekin lotuko ditu hasieran. Beste hamar urte igaroko dira, ordea, buru-hilketa, salaketa, aitorpen eta goi mailako pertsonen inplikaziozko trama korapilatsu baten argitara, orduko polizia berberak gorpu haiek ehunka kilometrora desagertuak ziren gazteekin erlazionatu arte.

Intrigazko zinemari propio dagozkion tramak izango ditugu, beraz, pertsonaia nagusi horiengan arreta ipini eta epaiketako eszenak eta zertzeladak bigarren mailan utziz, azken hauek aski ezagunak izanik, euren garrantziarekin ere, ez zaizkigulako berebizikoak iruditzen gertaturikoa argitzeko orduan. Jim Sheridanen "Aitaren izena" edo "The boxer", Ken Loachen "Agenda ezkutua" bezalako filmak hartzen ditugu erreferentzia legez zeren, benetako istorioak eta gai politikoak arrakastaz batu eta gizabanako ikuspegitik kontatu dituztela eta, jarraibide bikaina direlako gure norabidea erabakitzeko orduan.

Pertsonaiak "on" edo "gaizto" moduan sailkatzearen manikeismoa eragotzi ere egin nahi dugu, istorioari eraginkortasuna kenduko bailioke. Nahiago dugu, berriz, inplikatutako alde bakoitza bere argi eta itzalekin aurkeztu eta, horrela, gertatutakoari konplexutasun handiagoa eman.

Sinetsita gaude, azken batean, arrakastara deitutako istorioa daukagula, bere interesa ez baitzaio hogeita hamar urteurren hurbilari mugatzen, areago, bai polizi istorioen zale direnentzat bai benetako istorioak fikzio serio baten bidez ikusi nahiago dutenentzat, kalitatezko lana eskaintzeko moduan gaudelako.

Pablo Malo